PUNTUAZIOA

ORIXE. SANTA KRUZ APAIZA 1

 Mandataria bidalita Uitzira jaitsi nintzen, eta han egon nintzen erantzunaren begira, arratsaldeko bostak arte. Alfer alferrik: nire gogo ona eta menpera-nahia aintzat hartu gabe, Goizuetara jo zuen eta nik Leitzara gau egitera. Han nire lagunek esan zidaten nire eskabideetara ez zela etorriko, apaizek beren egitekoetan ari behar omen dutela. Muzin hori niri egin arren, atzetik joan nintzaion, bidean okerren bat gerta lekiokeen bildurrez, giputz gazte gizagaixo haietaz kupituta. Gaueko hamarretarako Lesakan nintzen, eta biharamun goizeko zortzi eta erdietan Lizarragak dei egin dio nirekin etorri den buruzagi bati, doala Igantzira, ni aipatu ere gabe.


Beraz, nirekin adiskidetzeko noiz edo noiz azaldu duen gogoa azal-huskeria eta itxurakeria da. Garbi garbi hitz egingo dut, ohi bezala: ez dut eramango aurrerakoan holako muzinik, eta ez diot bururik makurtuko. Jakinaren gainean jartzen dut, eta adieraz diezaiela nire adiskideei eta etsaiei nire jokabidea.



ORIXE. SANTA KRUZ APAIZA 2


Jainkoa zen aurrena, gero Euskal Herria, azkena Don Karlos. Maite zuten, bai, karlistek eta Santa Kruzek beren erregea, erlijioaren eta foruen aldekoa baitzen. Don Karlosek euskaldunez baliatu nahi zuen errege aulkian esertzeko; euskaldunek, berriz, hartaz, foruetarako, eta biak musu-huts gelditu ziren. Hark behintzat Gernikan eta Billafrankan juramentuz agindu zuen gure foruei eutsiko ziela. Beste erregek ez zuen beste hainbeste egin aspaldiko urteetan eta gizaldietan. Ez al zen haren alde jartzeko dina? Aurrena zuzen hasi zen erregea, gero okertu bazen ere. Inguruan bazituen izateko batzuk, eta haien esanera eta eginera jarri zenetik ez zuen gauza onik atera. Orduan etsi zuen Santa Kruzek, baita karlista zintzoek ere. Atzera zentzatu zen eta ez zuten erabat utzi.

Don Karlosek, behin batez, Ingalaterran topo egin omen zuen apaizarekin, eta tiroz hilko zuela esan omen zion, Espainian harrapatu balu. Santa Kruzek ordurako gogo jardunak egin zituen, eta ez zion axola handirik hil beharra zen errege batengatik. Indietarako asmotan zebilen, basajende haiek jainkoarengana bildu nahian horretarako laguntzarik eman baliote erregeek, eskerrik askorekin hartuko zuen. Don Jaime Kolonbiara joan zen batez, apaizak gutun bat egin zion, haren aita zenarentzat gerran ari izan zela, eta orain beste Erregerentzat ari zela, eta diru pixka bat bidaltzen bazion, esker onez hartuko ziola bere indiarrentzat.


No hay comentarios:

Publicar un comentario